Euskadiko ETEentzako laguntza
Basque Ecodesign Centerren helburua da ezagutza sortzea eta EAEko industria-sare osora eramatea. Zentzu horretan, Basque Ecodesign Centerrek jarduera hauek gauzatzen ditu ETEei eta EAEko gainerako enpresei balioa emateko:
- Ekodiseinuko proiektu berritzaileak abiaraztea: Urteko kudeaketa-plan bakoitzean, Basque Ecodesign Centerreko enpresek garatu beharreko proiektuak zehazten dituzte, Ihoberen eta enpresa bakoitzaren ingurumen-zaintza estrategikoko txosten indibidualen emaitzen arabera. Proiektu horien emaitzetatik sortzen den ezagutzari esker, gidak eta tresnak egiten dira helburu hauekin: ezagutza-arlo horiek hedatzea; ETEetan proiektuak hedatzea, Basque Ecodesign HUBen esparruan bekadunekin egindako praktika ordainduen bidez; edo enpresentzako lan-lerroak zehaztea, enpresei ingurumenean inbertitzeko ematen zaizkien dirulaguntzen urteko aginduen bidez.
- Balio-katearen trakzioa: Ekodiseinuko proiektu berritzaile batzuek balio-katearen parte-hartzea jasotzen dute, datu-eskaeraren bidez nahiz prestakuntza- eta laguntza-programa espezifikoen bidez.
- Ingurumen-zaintza estrategiko eta sektorialeko azterlanak egitea: Basque Ecodesign Centerri atxikitako 9 klusterrek EAEko 963 enpresa ordezkatzen dituzte. Aldian-aldian, ingurumen-zaintza estrategikoari buruzko txosten sektorialak egiten dira klusterren lan-esparruetan. Txosten horiei esker, aldaketarako aukerak eta motorrak identifika daitezke, sektore bakoitzean ekonomia zirkularragoa lortzeko. Txostenak pribatuak izaten dira bi urteko epean, klusterrek horiek ustiatzeko, Euskadiren lehiakortasunerako tresna gisa.
4. Ekodiseinuko proiektuetarako laguntzak: Basque Ecodesign Centerren bidez, dirulaguntzen deialdi bat egiten da urtero, EAEko enpresei ekodiseinuko proiektuetan laguntzeko. Urteko aurrekontua 100.000 € ingurukoa izaten da. Horren bidez, enpresei laguntzen zaie produktuen eta zerbitzuen (negozio-eredu berriak barne) ekodiseinurako proposamenen bideragarritasuna berresteko azterketa, proba eta garapen teknikoak (prototipoak barne) egin ditzaten; behin horiek amaituta, ingurumen-errendimendua (bizi-zikloaren ikuspegitik) aurreko aukera edo lehendik merkatuan zeuden beste batzuk baino hobea dela konfirmatuta. Proiektu bakoitzeko gehienezko kofinantzaketa 20.000 eurokoa da. Laguntzak jaso ditzaketen gaiek lotura izan behar dute zaintza sektorialeko txostenen emaitzekin eta enpresa kideek garatutako berrikuntza-proiektu pilotuen emaitzekin.
5. Ezagutza transferitzea Basque Ecodesign Meetingen bidez: Kongresu hau Ihobek antolatzen du, Basque Ecodesign Centerrekin batera, eta EAEko enpresa-sareari ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren arloko azken joerak eta jardunbide egokiak hurbiltzeko helburua du. Basque Ecodesign Meeting ETEei zuzentzen zaie nagusiki; ikasteko eta Basque Ecodesign Centerren zein Ihobek kudeatutako beste programa batzuetan lortutako ezagutza hedatzeko gunea da, baita topaketarako eta 'networking'-erako gunea ere.
6. Ingurumen-aholkularitzen posizionamendua hobetzea: Enpresa kideekin batera garatutako proiektu pilotu askok ingurumen-aholkularitzen laguntza teknikoa jasotzen dute. Hala, aholkularitzetan txerta daiteke sortutako ezagutza, eta horien lehiakortasuna areagotu.