Euskadiko itsas sektorea
K.a. 1000. urtearen inguruan, eskualde mediterraneoan, Feniziar zibilizazioak erakutsi zuen zer-nolako ahalmena zuen nabigazioak merkataritzaren eta aurrerabide ekonomikoaren eragile gisa. Zibilizazio hori gehienbat kostaldean eta Mediterraneo itsasoaren inguruan kokatu zen, eta horrek portuen garapena bultzatu zuen eta lagungarria izan zen zur autoktonoa itsasontzi aurreratuagoetan erabiltzeko eta nabigazio-teknikak aurrera eramateko.
3000 urte geroago, ibai, itsaso eta ozeanoen bidez egiten den garraioak garapen eta oparoaldi ekonomikoaren sinonimo izaten jarraitzen du, hainbesteraino non, Europako demografiari begiratuta, garbi ikus baitaiteke biztanleriaren dentsitate handienak kostaldean kontzentratzen direla. Hori gertatu izan da eremu horiek jarduera ekonomiko handiagoa erakarri dutelako, zuzeneko garraioa eskura izateari esker. Adibide gisa, hona hemen datu bat: gaur egun, Europako kanpo-merkataritzaren % 75 inguru itsas garraioaren bidez egiten da. Horregatik, ekonomiaren internazionalizazioak eta herrialde emergenteetako ekonomien garapenak bultzatuta, sektoreak hazkunde mardula izan du iragan hamarkadan. Munduko itsas portu nagusietako garraioaren fluxuari begiratuta, ikus dezakegu edukiontzien trafikoa (TEU) ia 15 halakotu dela horietako askotan, 20 urtean baino gutxiagoan. Gainera, aurreikuspena da hazkunde-tasa horiek mantentzea edo gainditzea datozen urteetan. Hazkunde hori oso polarizatuta dago geografikoki, halako moldez non garraioaren bolumenaren lidergoa gero eta neurri handiagoan mugitu baita Asiako herrialdeetara.
Nolanahi ere, sektorearen hazkundeak nahi gabeko albo-ondorioak ere ekarri ditu berekin. Hala, Itsas garraioak BEGen (Berotegi Efektuko Gasak) isuri globalen % 3,3 sortu zuen 2009an, hau da, garraioaren isuri guztien % 9. Lehenbailehen jardun ezean, aurreikusten da isuri horiek osoko isurien % 15era igoko direla, itsas garraioa garraio eraginkorrena izan arren (tona eta kilometro bakoitzeko isurtzen den CO2aren ikuspuntutik).
Horrenbestez, sektoreak etorkizun jasangarria segurtatu nahi badu, bai ekonomikoki eta bai ingurumen aldetik, inbertsio mardula egin beharko da ahalegin eta baliabidetan.