Skip to main content

Trakzio adibideak

Erosketa eta kontratazio berdearen ezarpena eremu pribatuan

Hornitzaileen trakziorako tresna eraginkorrenetakoa da irizpide berdeak erosketan eta kontratazioan aplikatzea. Praktika hori oso zabalduta dago eremu publikoan, baina sektore pribatuan hasi besterik ez da egin. Horregatik, Basque Ecodesign Centerreko 8 enpresek eta kluster batek lanean dihardute, Ihoberen eskutik, EAEko sektore pribatuaren erosketa eta kontratazioetan ingurumen-irizpideak sartuko dituen metodologia praktiko eta operatibo bat abiarazi eta hedatzeko.

Pilotu honek sortuko dituen jarduketek emaitzak agerian utziko dituztela eta irizpide hauek EAEko sektore pribatuen artean txertatzea sustatuko dutela espero da. Halaber, proiektu pilotutik sor daitezkeen sinergiak sendotzea aurreikusi da, ingurumen-aldagaiaren sustapena enpresa parte hartzaileen balio-katean jorratzeko. Hori guztia sektore pribatuak erabili ohi dituen beste tresna batzuekin koherentea eta bateragarria den eremuan egin beharko da.

Proiektu honek seinale argia bidaliko dio merkatuari, eta, gainera, funtsezkoa izango da EAEko erosketa berdearen 2030eko programaren diseinua elikatzeko.

Baden-Würtemberg eskualdeko Gobernua, Basque Ecodesign Centerrekin interesaturik

Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren eta Basque Ecodesign Centerren ordezkari den aldetik, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren arloko esperientziak partekatzeko jardunaldi batean parte hartu zuen Baden-Württembergeko estatu federaleko Ingurumen, Klimaren Babes eta Ekonomia Energetikoko Ministerioko bere homologoekin.

Alemaniako eskualde hori erreferente da ekonomia zirkularraren arloan, batez ere udalerri-mailako hondakinak kudeatzeari, Ekodiseinu Zuzentarauaren betearazpenean ardazten diren merkatu-ikuskapenak egiteari eta ekonomia zirkularra enpresen artean hedatzeari dagokionez.

Ministerioaren egoitzan egindako bileretan, Euskadik eta Baden-Württembergek arlo horietan egindako jarduerak aurkeztu ziren. Alemaniako administrazio publikoak interes handia erakutsi zuen, besteak beste, Basque Ecodesign Center eta Basque Ecodesign Meeting ekimenekiko. Hala, bi eskualdeen artean egon daitezkeen lankidetza-eremuak eta truke-aukerak partekatu ziren.

Ingurumen-legediari buruzko trebakuntza mikroenpresa eta enpresa txikientzat

Vicinay Cadenas enpresaren familia-espirituari jarraiki, bere hornikuntza-kateko erakunde asko mikroenpresak eta enpresa txikiak dira eta, zenbait alditan, barne baliabide eskasekoak haiek erakundearen kudeaketa jasangarrian erabili ahal izateko.

Vicinay Cadenasek hornitzaile nagusiekin lan egin du, enpresa horiei laguntzeko eta ingurumenaren arloko legediaren eta izapideen oinarrizko kontzeptuak helarazteko; baita antolamenduetan ezar litzaketen ingurumen-kudeaketaren beraren gaineko oinarrizko kontzeptuak helarazteko ere. Honako enpresa hauek parte hartu zuten bileran: Mecanizado Cigor, Mecanizados San Miguel, Talleres Sopuerta, EISSEN, EIT Getxo, EBI, RAZYA.

Iberdrola azpiestazio elektrikoen diseinuarekin lotutako trakzio-lana egiten ari da bere hornikuntza-katean

"Azpiestazio elektriko baten birdiseinua" proiektuaren barruan, hornikuntza-kate osoa tartean sartzeko erabakia hartu zuen Iberdrolak, abiapuntutzat hartuta Ordizian kokatutako azpiestazioa.

Txertaketa horren helburua bikoitza zen. Lehenik eta behin, bere ekipamenduen ingurumen-informazioa emango zuen (produktuen ingurumen-informazioaren kudeaketa hornikuntza-katean zehar). Bigarrenez, Ihoberen laguntza teknikoa baliatuta azpiestazio berriarentzako azpiosagai ekodiseinatuak garatzera bultzatuko zituen kateko enpresak. Lan horretan Basque Ecodesign Centerreko beste kide batek parte hartu du, Ormazabalek, hain zuzen, bai eta Incoesa, Adhorna, ABB, Arteche, Ingeteam Power Technology eta ZIV Aplicaciones y Tecnología enpresek ere.

Gerdau altzairu-hornitzaileak bere produktuaren ingurumen-informazioa ematen dio Vicinay Cadenasi

Basque Ecodesign Centerreko hornitzaileek ingurumen-irizpideak txertatzea baliatuta, euskal industria-sarean ekodiseinua are gehiago garatzea lortu nahi da. Zehazki, Vicinay Cadenas bere altzairu-hornitzaile nagusi Gerdau enpresarekin lanean hasi da hornikuntza-katean zehar emango dion produktuen ingurumen-informazioaren kudeaketan.

Hornikuntza-katean ingurumen-aldagaia txertatzeko gauzatzen ari zen prozesuaren barruan eta produktuen ingurumen-adierazpenak egitearen ondorio gisa, Vicinay Cadenasek erabiltzen zuen altzairuari buruzko ingurumen-informazioa eskatu zion Gerdauri. Eskaera horri esker, Gerdauk informazioa biltzeari ekin zion, eta hasi zen bilatzen konponbideak ingurumen-inpaktua murrizteko, berea eta bere bezoerena, adibidez, Vicinay Cadenasena.

Iberdrolak "Life Cycle Thinking" kontzeptua sustatzen du bere Eskoziako filialean -ScottishPower-

IBERDROLAK zenbait prestakuntza-ikastaro bat antolatu zituen, adibidez, bere Eskoziako filialaren instalazioetan - ScottischPower-, Enpresaren Negozioentzat: Berriztagarriak, Sorkuntza, Banaketa, Iberdrola Ingeniaritza. Horren helburua zen ezagutzera ematea ingurumen-kudeaketaren alorreko berrikuntza kontzeptuak, hala nola: Bizi Zikloaren Azterketa (BZA), ingurumen-aztarna eta produktuaren ingurumen-adierazpena, eta horiek jarduera-eremu bakoitzean izan dezaketen aplikazioa; horretarako, ikastaroan egon ziren ScottishPowerreko ingurumen-arduradunak eta arduradun teknikoak.

Horien emaitza arrakastatsua izan zen, zeren baliagarria izan baitzen lan-ildoak identifikatzeko.

Eskoziako Gobernua Basque Ecodesign Centerrengatik interesatu da:

Eskoziar gobernuak bilera bat eskatu zuen Basque Ecodesign Centerren ordezkaritza tekniko batekin ekimena eta berarekin Euskadin lortutako emaitzak ezagutzeko, gero antzeko ekimen bat erreplikatu ahal izateko Eskozian.

Topaketa horretan, eskoziar gobernuko zenbait instituzio eta sailetako ordezkariek parte hartu zuten, Scottish Enterprise eta SEPA -Scottish Environment Protection Agency erakundeek gidatuta. Halaber, Iberdrolako ordezkari batzuek ere parte hartu zuten, ekimen horri buruz zeukaten esperientzia praktikoa erakusteko eta ScottishPowerren atxikimendu-konpromisoa azaltzeko, baldin eta Eskozian antzeko ekimen bat abiatzen bazen.