Smart Growth
XVIII. eta XIX. mendeetan, hiriak eta hiri-plangintzak industrializazioarekin batera garatu ziren. Azken sektore horren hazkunde ekonomikoak agintzen zuen, eta ez ziren kontuan hartzen gizartearen eta natura-inguruaren beharrizanak.
Lehendabiziko Atenasko Karta 1933koa da, eta bertan hiri funtzionalak behar bezala antolatzeko irizpideak deskribatzen ziren, industrializazioak hirietan eragin zituen ondorioak arintzeko helburuarekin. Beste printzipio batzuen artean, erabilerak zonaka banatzearen aldeko apustua egin zen; hala, auzoak hainbat funtzioren arabera sortzen ziren (aisialdia, lana edota mugikortasuna), eta hainbat dentsitatetakoak.
Le Corbusier, Tony Garnier eta tankerako arkitekto hirigileek bestelako hirigintza-plangintzak proposatu zituzten, industrializazioak eragindako hondamenei aurre egiteko. XXI. mendera bidean, hiri industrialak poliki-poliki euren itxura hobetu dute, biztanleen bizitza-kalitatea hobetuta.
XXI. mendean, proiektugileek beste hainbat erronka dituzte, ordea, aurrez aurre: Hirietan nabarmen egin du populazioak gora, eta hiriek eragindako ingurumen-inpaktuak ere nabariak dira. Hori dela eta, Smart Growth eta tankerako kontzeptu berriak hasi dira agertzen. Era berean, 2003an Atenasko Karta eguneratu zen, erronka horiei guztiei heldu ahal izateko.