Skip to main content

Enpresa eta zerbitzu ekosistemikoak

Enpresa eta zerbitzu ekosistemikoak

 

Biodibertsitatea, hau da, izaki bizidunen aldakortasuna eta haien arteko elkarreraginak, espezieen batuketatik baino askoz ere harago doa, zeren barne hartzen baititu enpresa- jarduerentzat eta garapen eta ongizate sozialarentzat eztabaidaezinak –eta sarritan ezinbestekoak– diren onura eta aukerak berekin dakartzaten zerbitzuak ere.

Enpresak berezko lotura du biodibertsitatearekin eta zerbitzu ekosistemikoekin, eta baita horien aprobetxamenduarekin ere, eta hori aukeratzat har daiteke, araudi zurruntzat hartu beharrean. Aurreikustekoa da, nonbait, ekosistemen eta euren zerbitzuen balorazioa gero eta gehiago txertatuko dela sostengu publikoko politiketan eta legedian.

Enpresa guztiek, beraz, elkarreragina dute biodibertsitatearekin eta zuzeneko edo zeharkako mendetasunena dute berarekin eta zerbitzu ekosistemikoekin, nahiz eta loturak aldatu egiten diren sektoreen arabera, eta baita sektore eta jarduera bakoitzaren baitan ere.  Lotura horiek zenbait faktoreren mende daude: enpresaren kokagunea, bere lehengaian jatorria, bere hornikuntza-kateen funtzionamendua, ekoizpenean erabilitako teknologia, eta produktuak bezeroenganaino eramateko erabilitako garraioa.

Ondasun eta zerbitzu ekosistemikoak ekosistemak giza ongizateari eta gizakien jarduerei egiten dizkien zuzeneko edo zeharkako ekarpenak dira. Ekarpen horiek baliabideak edo prozesuak izan daitezke, eta hiru motatako onurak sortzen dituzte: ekologikoak, sozio-kulturalak eta ekonomikoak.

Nahiz eta ekimen eta azterlan ugari garatu diren zerbitzu ekosistemikoak baloratzeko, zerbitzu ekosistemikoen sailkapen, definizio eta balorazioari heltzerakoan bi nazioarteko proiektu hartzen dira erreferentziatzat: “The Economics of Ecosystems and Biodiversity” (TEEB) eta Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa (EM).

Horiek dira gida honetan aztertzen diren ikuspegiak. Horien bidez, asmoa da hurbiltzea bai zerbitzu ekosistemikoei lotutako kontzeptuak eta bai biodibertsitatea enpresen erabakiak hartzeko prozesuan txertatzeko modua, Europa mailan ez ezik nazioartean ere garatzen ari diren puntako lanetatik abiatuta. Horrekin batera , Iberdrolak ekosistemen ebaluazio korporatiborako gauzatutako kasu praktiko bat ere erakusten da, alegia, aprobetxamendu hidroelektrikoen gune batean gauzatutako kasu praktiko bat.


Zerbitzu ekosistemikoen sailkapena.