Skip to main content

“Produktuaren eta erakundearen ingurumen-aztarnari” buruzko europar pilotua

“Produktuaren eta erakundearen ingurumen-aztarnari” buruzko europar pilotua

Egun, Europan, 400 ingurumen-etiketa baino gehiago daude, antzeko helburuekin, baina baldintza berberak betetzen ez dituztenak. Berorien xedea produktu eta/edo zerbitzuen ingurumen-portaerari buruzko egiazko informazioa ematea den arren, batzuen eta besteen arteko desberdintasun handiek kontsumitzailea nahastu baizik ez dute egiten.

Oro har, sistema horiek guztiak hiru mailatan sailka daitezke:

  • Nahitaezko lege-betekizunak betetzeari lotutako markak, adibidez, CE marka edo puntu berdea. Gehienetan, fabrikatzailearen adostasuneko auto-adierazpenak dira, ingurumen-legeria jakin bat betetzen dutela ziurtatzen dutenak.
  • Ingurumen-ebaluaziorako eta -konparaziorako tresnak, adibidez, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria edo karbono-aztarnarena. Tresna horien helburua produktu desberdinak alderatzea da, guztiak ebaluazio-sistema berberarekin ebaluatu ondoren.
  • "Best in class" motako aitorpen-sistemak, esate baterako, Europako Etiketa Ekologikoa. Sistema horiek produktuei emandako sariak dira, beren kategorian onenak direla aitortzen baitie, ingurumenaren ikuspegitik.

Hiru sistema talde handi horiek azken urteotan izan duten bilakaeran hautematen da pixkanaka txertatuz joan dela "life cycle thinking" edo bizi-zikloaren pentsaera deitu diogun printzipioa. Hala, bektore bakarreko pentsaera batetik (adib. produktuen bizi-amaierako zuzentarauetan hondakinei lotutako problematika), non alderdi bakar bat hartzen baitzen kontuan, produktuaren bizi-ziklo osoko bektore anitzeko ikuspegira eboluzionatu da, ingurumen-alderdi garrantzizkoenak aintzat harturik eta bizi-zikloaren zein etapatan gertatzen diren alde batera utzita (adib. energiarekin erlazionatutako produktuen zuzentarauari emandako ikuspegia).

Ondorengo irudian ikusten da produktuen ingurumen-informaziorako sistema horien bilakaera.

Produktuen ingurumen-informaziorako tresna desberdinen grafikoa.

Sistema -eta bakoitzari dagokion etiketa- aniztasun eta desberdintasun horri lotutako arazoak konpontzearren, Europako Batzordeak, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, 2020rako egun dauden guztiak ordeztuko dituen informazio-estandar berri bat zehazteko proiektua jarri du abian.

Proiektu berri hau, Produktuaren eta erakundearen ingurumen-aztarna deritzana, 2013ko urriaren 21ean jarri zen ofizialki abian, Bruselan. Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioaren adostasuna lortuta, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ihobe sozietate publikoa izango da ordezkari ofiziala proiektua gainbegiratzeko lantaldean. Europar Batasuneko herrialde guztiek hartuko dute parte esandako lantaldean, Europako Batzordeko lantalde teknikoaz, GKEez eta enpresa-elkarteez gainera.

Ikuspegi berri horrek 2020rako sistema guztiak integratuta egotea eta koherenteak izatea ahalbidetu behar luke, eta hala, merkatuan dauden ekodiseinatutako produktuen balioa areagotzea.