Skip to main content

Euskadiko aeronautiko sektorea

Wright anaiek eta Alberto Santos Dumontek egin zituzten lehen hegaldietatik gaur egungo hegazkineria elektrikoraino iristeko hegazkingintzan izan den garapenak erabat aldatu ditu munduaren eta distantziaren gure ikuspegiak. Aire bidezko garraioak inoiz baino mundu komunikatuagoa eta internazionalagoa ekarri du. Europan esnatu, Ozeanian merkataritzan aritu eta lanaldia Asian amaitzen duten herritarren mundu globala, alegia. Aireontzi azkarragoen eta eraginkorragoen garapenak ekarritako aurrerapenak gizarte osoari egin dio mesede: milaka kilometrok banatzen dituzten familietatik, enpresa multinazionaletaraino.

Hegazkingintzako sektorearen hazkundeak bikain islatzen du urruti dauden tokiak lotzeko gizakien interesa eta beharra. Gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dute hegazkina garraiobide moduan, erosotasunagatik eta azkartasunagatik. 1990. eta 2020. urteen artean, bidaiarien aire bidezko garraioa lau aldiz gehiago handituko da. Nazioarteko merkataritza-jarduerak bultzatu duen salgaien aireko garraioa ere nabarmen handitu da. Gainera, hurrengo hamarkadan eskaera gehiago handitzea espero da. Ildo horretatik, Asiako ekonomien garapena da hazkuntzaren faktore eragile nagusietako bat. Hurrengo urteetan ere joera berbera izango da, beraz, Asiara joateko eta Ozeano Barea zeharkatzen duten ibilbideak areagotuko dira gehien.

Eskaerari aurre egiteko, aireontzien flota nabarmen handitu beharko da. 2010 eta 2040 artean hirukoiztu egingo da, eta 56.000 hegazkin berri fabrikatu beharko dira.