Euskadiko trenbide sektorea
James Wattek XIII. mendearen amaieran asmatutako lurrunmakinak eta hura lanaren mekanizazioan eta trenbide garraio-sistema berrietan aplikatzeak erabateko aldaketa eta Lehen Industria Iraultza ekarri zituzten. Harrezkeroztik, trenbidearen historia aurrerabidearekin lotuta egon da, eta distantzia handien arteko salgaien salerosketa eta pertsonen garraioa erraztu du. Trenbidearen sektoreko enpresak garaietara egokitu dira eta eztandamotorra eta, azkenik, elektrifikazioa erabili dituzte. Teknologia gorabehera, trenbideen sistema beti lotu izan dugu fidagarritasuna, jasangarritasuna eta segurtasuna kontzeptuekin.
Lehen Industria Iraultzatik, trenbidearen eta Europako ekonomiaren garapenak elkarrekiko paraleloan egin dute aurrera. Horregatik, trenbide dentsitate handiena duen kontinenteetako bat da eta trena da Europan gehien erabiltzen den garraiobideetako bat (bidaiarien garraioaren % 6 eta salgaien garraioaren % 10,3). 2008an hasitako krisialdi ekonomikoa gorabehera, trena da gehien hazi den garraiobideetako bat, azpiegitura berriak eraiki baitituzte, besteak beste, abiadura handiaren eskaerari erantzuteko. Gainera, hurrengo urteetan hazkundeari eutsiko zaiola aurreikusi da, eta 2010 eta 2050 artean hazkunde erlatiboa % 79koa izatea.
Txosten honek sektorearen etorkizuna zehaztuko duten funtsezko bost faktore identifikatu ditu, eta, ingurumenaren ikuspegitik aztertu ondoren, etorkizuneko erronkari aurre egiteko aukerak eta estrategiak azaltzen ditu. Hona hemen aztertutako bost faktoreak: suspertzen ari diren ekonomien hazkundea, urbanizaziorako eta megahirietarako joera, energia mendekotasun handiagoa karbonoan oinarritutako ekonomiagatik, ingurumenari buruzko kontzientzia handiagoa eta merkatuaren liberalizazioa.