Skip to main content

Europako Erakundeen etorkizuneko Ingurumen Aztarnaren inplikazioak.

Gaur egun, Basque Ecodesign Centerren enpresa batzuek badute esperientzia Produktuaren Ingurumen Adierazpenen (EPDak) erabileran, gardentasun tresna gisa eta beren produktuen ingurumen-alderaketaren tresna gisa. Sistema horiek Europa mailan izan duten bilakaera berretsita geratuko da gaur egun garatzen ari den Produktuaren Ingurumen Aztarna behin betiko onartzen denean. Hala eta guztiz ere, Europako tresna horrek alde bikoitza du, hots, bai produktua eta bai erakundea hartzen ditu barne. Europako Erakundeen Ingurumen Aztarnak etorkizunean izango dituen inplikazioak xehetasunez aztertu ahal izateko, Basque Ecodesign Centerrek 2014 garatu dituen mahai-inguruen lehenengo saioa egin zen urte honen hasieran.

Europako Erakundeen etorkizuneko Ingurumen Aztarnaren oinarrizko printzipioak

Erakundeen Ingurumen Aztarna honela definitzen da: ondasun edo zerbitzuak ematen dituen erakunde baten ingurumen-jokabidearen irizpide anitzeko neurri bat, bizi-ziklo osoaren ikuspegiarekin. Barne-aplikazioek hauxe har dezakete barne: ingurumen-kudeaketarako laguntza; puntu kritikoen determinazioa ingurumenaren ikuspuntutik; eta ingurumen-jokabidearen hobekuntza eta jarraipena. Aplikazio horiek, gainera, aurrezteko aukerak eskain ditzakete inplizituki.

Beste alde batetik, kanpo-aplikazioek (adibidez: alderdi interesatuentzako komunikazioa edo enpresen artekoa [Business-to-Business, B2B], agintaritza publikoarekiko edo inbertitzaileekiko harremanak ) askotariko aukerak hartzen dituzte barne, hala nola, inbertitzaileek eskatutako informazioei ematen zaien erantzuna, komertzializazioa, ebaluazio konparatiboa, eta ingurumen-politiketan Europa mailan edo EBko Estatuetan planteatutako betekizunak betetzea.

Mahai-inguruaren ostean, eta tresnaren garrantzia ikusita, komenigarritzat jo zen lehenengo pilotu bat garatzea, enpresa bazkide baten errealitateari aplikatuta.