Bizi-amaierarako diseinuaren ebaluazioa, berorren aplikaziorako pizgarriak ezartzeko oinarri gisa
Bizi-amaierarako diseinuaren ebaluazioa, berorren aplikaziorako pizgarriak ezartzeko oinarri gisa
Hondakin-kudeaketaren arloko egungo politikak jatorriko prebentzioaren alde agertzen dira, berori jotzen baitute neurri eraginkorrena gure gizarteak sortutako hondakinak murrizteko. Era berean, politika horiek produktuen fabrikazioan eta banaketan parte hartzen duten eragile guztiak hondakinak murrizteko eta birziklatzea errazteko zereginetan inplikarazten saiatzen dira.
Azken urteotan, berariazko erregulazioak onartu dira Europan hainbat hondakin-multzorentzat: erabiltzen ez diren pneumatikoak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, pilak eta metagailuak, olio erabiliak, etab. Produktuaren bizi-amaieraren kudeaketaren ardura nork hartzen duen kontuan izanik, ekoizlearen bi erantzukizun mota bereizten dira:
- Ekoizlearen erantzukizun kolektiboa. Hondakinak kudeatzeko kostuak era kolektiboan esleitzen dira, adibidez, merkatuko kuotaren arabera; sistema hori erabiltzen da gaur egun mota askotako hondakinen kasuan.
- Ekoizlearen banakako erantzukizuna. Fabrikatzaileak dira beren produktuen bizi-amaieraren arduradunak. Horrek ez du esan nahi ekoizle bakoitzak banaka sortu behar dituenik bilketa sistemak; aldiz, erabil ditzake bilketa kolektiboko kanalak. Aldea finantzaketa-mekanismoan dago.
Erantzukizun kolektiboko sistemei egiten zaizkien kritikek diote ez dutela sustatzen produktuen diseinua hobetzea berorien bizi-amaieraren kudeaketa hobetzeko; izan ere, hortik letozkeen onurak ekoizle guztien artean banatuko lirateke eta ez lituzkete sarituko beren ekipoen diseinuan hobekuntzaren bat sartu duten ekoizleak.
Arazo horri ikuspegi alternatibo bat emateko, Basque Ecodesign Center-ek, Tecnaliarekin lankidetzan, proiektu metodologiko bat jarri du abian, zeinak mekanismo berriak bilatzea izango baitu xede. Hala, produktu bat bere bizi-amaierako inpaktua arintzeko diseinatu baldin bada, horrek kudeaketa-kostuen gutxitzean dakartzan ondorioekin, kostu-murrizketa horrek produktuaren bizi-amaierako diseinua hobetzen inbertsioa egin duen fabrikatzailerengan eragina izango luke, gastuak aurreztea erraztuko liokeelako. Proiektua 2014aren erdi aldera amaitzea aurreikusten da.
Sistema kolektibo batetik banakako batera bilakatzeko aurreikusten diren etapak. Iturria: iprworks.org